Espainiako Nazioarteko Migrazioei buruzko Biltzarraren VII. edizioaren aurkezpena da hau. Bilbon izango da biltzarra, 2012ko apirilaren 11, 12 eta 13an, Euskal Herriko Unibertsitateak antolatuta, eta Ikuspegi-Immigrazioa Behatokiaren laguntza bereziarekin.
Lehen edizioa Madrilen izan zen 1997an: nazioarteko migrazioak Espainian hartzen ari ziren garrantziaz jabeturik, Ortega y Gasset Unibertsitate Institutuak nazioarteko migrazioen arloko zientzialari, irakasle eta adituen bilera antolatu zuen, ordura arteko ezaguerak eta esperientziak bateratze aldera. Hain zuzen, orduan hasitako bideari jarraipena ematea da Biltzarraren asmoa. Esperientzia oso positiboa izan zen aurreneko hura eta bilera haiei jarraipena eta egonkortasuna ematea erabaki zuten antolatzaileek, gaiari buruzko Biltzar zientifiko modura egituratuta. Hala, hauek dira Espainiako Migrazioei buruz orain arte egin diren biltzarrak:
1997. Madril. Ortega y Gasset Unibertsitate Institutua.Urriak 16-18
2000. Madril. Migrazioei buruzko Azterketen Unibertsitate Institutua. Ortega y Gasset. (Comillas Unibertsitatea) eta Ortega y Gasset Unibertsitate Institutua. Urriak 5-7
2002. Granada. Kulturarteko Azterketen Laborategia. Granadako Unibertsitatea. Azaroak 6-9
2004. Girona. UdG, UAB eta UPF. Azaroak 10-13. Herritarrak eta parte-hartzea
2007. Valentzia. Valentziako Unibertsitatea eta CEIM. Martxoak 21-24. Migrazioak eta giza garapena
2009. Coruña. ESOMI. Coruñako Unibertsitatea. Irailak 17-19
Biltzar horiek erreferentzia bihurtu dira jada irakaskuntza, gizarte eta politika arloetan, Espainiako mugak gainditzeraino.
Zazpigarren biltzarra Bilbon antolatuko den honetan, gure asmoa da aurreko edizioetako helburu nagusiei eustea eta azken aldiko aldaketetan sakontzea. Halaber, beste zenbait alderdi berritzaile ere sartu nahi ditugu edota gorputz eman nahi diegu nazioarteko migrazioen eta horien eragin sozialen azterketan eta tratamenduan jada zehazten ari diren beste batzuei. Horren harira, hiru alderdi garrantzitsu aipa ditzakegu; era batera edo bestera hor izan dira beti aurreko biltzar guztietan ere, baina oraingoan indartu egin nahi ditugu.
1.- Gure mugatatik kanpoko ikertzaileei eta adituei zabaldu nahi diegu biltzarra, migrazioaren fenomenoaren berezko ezaugarriak aintzat harturik. Baldintza bakarra jarriko diegu: nazioarteko migrazioaren fenomenoa Espainiari loturik aztertzea, migrazio-sistemetan herrialde igorle, hartzaile edo iraganbideko herrialdetzat harturik, eta giza mugimenduen gaur egungo korronteak kontuan izanda.
2.- Nazioarteko migrazioekin eta horien eragin sozialekin loturiko profesionalei zabalduko diegu biltzarra, hala nola elkarteei, GKE-ei, politikariei, funtzionarioei, sindikalistei, erlijio-taldeei eta modu batera edo bestera esparru horretan lan egiten duten bestelako erakunde guztiei. Uste dugu ezin dela migrazioaren fenomenoa ulertu protagonistekin lan egiten duten pertsonen ezaguerak eta esperientziak aintzat hartu gabe.
3.- Ulertzeko, begiratzeko eta adierazteko moldean migrazioa eta migratzaileak ardatz dituzten beste formatu batzuei zabaldu nahi diegu atea. Artea eta migrazioak uztartzen dituzten era guztietako mestizajeei, alegia: zinema, pintura, literatura, jolasak, kontzertuak… Aurrekontuak ahalbidetzen duen neurrian, migrazioen munduko adierazpide ugariei egin nahi diegu leku, zientzia eta irakaskuntzaren arloko azterketaz haratago.
Biltzarraren helburu orokorra da topaketarako gune bat eskaintzea, diziplinartekoa eta sektore askotako jendea bilduko duena, ikuspegiak eta ikuskerak trukatzeko espazio bat, era batera edo bestera nazioarteko migrazio-prozesu garaikideak aztertzen, interpretatzen eta kudeatzen diharduten eragile, agente eta protagonista guztiek elkarren artean hitz egiteko eta eztabaidatzeko bilgune bat. Arestian esan dugunez, zehazki alderdi hauetan egin nahi dugu indar:
Topaketa nazioartekotzea. Espainiaz kanpoko beste geografia-esparru batzuetatik datozen pertsonei bertaratzeko eta parte hartzeko aukera eman nahi diegu, aztergai dugun fenomenoa bera ere nazioz gaindikoa baita berez.
Diziplina askotako ordezkaritza. Gaur egun migrazioaren fenomenoa aztertzen duten irakaskuntza arloko esparru guztietako jendeari eman nahi diegu aukera bertaratzeko eta parte hartzeko.
Sektore askotako ordezkaritza. Jakintzak bere baitan ez du zentzurik, ezpada gizartean duen eraginagatik, eta horretaz jakitun, Biltzarrak aukera sortuko du migrazioaren fenomenoa maila guztietan (irakaskuntzan, politikan eta gizartean) jorratzen duten sektoreek bat egin dezaten. Alde horretatik, Administrazio Publikoko, politikako eta gizarte zibileko antolakunde orotako (GKEak eta migratzaileen elkarteak, funtsean) ordezkariei bertaratzeko eta parte hartzeko aukera emango zaie.
Adierazpide desberdinei aukera zabaltzea. Migrazioak eta migratzaileak ardatz dituzten adierazpen kultural eta artistikoei leku egiten saiatuko gara, era horretara ikusteko, sentitzeko eta adierazteko modu desberdinen bidez fenomenora hurbiltzeko.
Biltzarrak badu helburu zehatz bat ere: gaur egungo migrazio-mugimenduak munduan sortzen ari diren aldaketa sozialen harira zer ikuspegi dauden jakinaraztea eta ikuskera horiek azaltzeko aukera ematea. Hain zuzen, hauek dira gizartean izan diren aldaketa behinenak: gizarte garaikideen aniztasun sozial eta kultural gero eta handiagoa eta, horri loturik, estatu-nazio tradizionalen ohiturazko homogeneotasuna murriztea. Alde horretatik, politikoki antolatutako gizarteen aniztasun sozio-kultural gero eta handiago horrek tirabirak sortzen ditu, eta beharrezkoa da horiek zuzen kudeatzea. Horixe izango da Biltzarraren mamia, baina izango dira bestelako ekarpen interesgarri batzuk ere nazioarteko migrazio-mugimenduei loturik; bereziki ongietorriak izango dira aspaldiko gaiak jorratzeko edota etorkizuneko arazoak hautemateko aurrerapausoren bat ekartzen dutenak.


